XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erroma-ren eroraldia ez zen bapatekoa izan; hiru mendetan zehar luzatu zen beheraldi hura, epealdi luze horretan aldarte hobe eta txarragoak ezagutuz.

Mediterraneo-ko hegemoni gunea Erroman zegoen lekutua.

Hiriburu hartatik, egitura sozio-ekonomiko arras desberdinak zituzten lurraldeak gobernatzen ziren.

Germaniarren inbasioek eman zioten amaiera hiltzori luze honi.

Baina Erroma-ren erortzeak haren nagusitasun politikoaren galtzea besterik ez zuen ekarri, Erroma-ren eragin kulturala (batez ere Elizari esker) finkatu eta zabaldu egin bait zen hurrengo mendeetan.

Herri germaniarrek, bada, oso kulturatze azkarra jasan zuten, latinez hitzegiten hasi eta kristautu egin bait ziren.

Hori dela eta, Mendebaldean irauten duten elementu erromatarren eta ekarkin germaniar berrien arteko sintesia egin ahal izan zen, hortik feudalismoaren molde europarrari bideak irekiz.

Erroma-ren eroriarekin batera batasun mediterranearra hautsi ere egin zen: botere-zentru desberdinak agertu ziren eta, ondorioz, haien artean itsasoaren kontrolerako eztabaidak ugaldu.

Zatikatze politiko nahiz ekonomikoa Mendebaldean beste lurraldeetan baino askoz ere sakonagoa zenez, Mendebalde hau hertsia, urruna eta, Bizantzioren aldean, ahula gertatu zen.